Euskara Plana
Galdakaon euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko AROA marko estrategikoa zehazteko prozesua
Proiektuko lan saio tekniko eta politikoak
Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren ebaluazioa (lan-mahai teknikoa)
Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoaren (AROA) aurrenetariko urratsetako bat da indarrean dagoen aurreko planaren ebaluazio teknikoa egitea, zalantza barik, diseinatu gura den berriaren zedarri baita. Asmo horrexekin lan-mahai teknikoa deitu zuen Udalak iragan otsailaren 29an. Bertan ebaluatu ziren indarrean dagoen Planaren arrimuan egindako urratsak: praktika onak, indarguneak, ahuleziak…
Besteak beste ondorengo gaiak aztertu ziren: familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, gune geografiko euskaldunenak, arlo sozio-ekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, sentsibilizazioa eta motibazioa, barruko proiekzioa eta kanpoko proiekzioa.
Euskara Plan berria diseinatzen (lan-mahai politikoa)
Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoren (AROA) nondik norakoak azaltzeko eta lantzeko lan-mahaia egin zen otsailaren 29an deialdira hurreratu ziren Udalako zinegotziekin. Helbururik behinenak bi izan dira: Plan berriari buruzko informazioa ematea (kokapena, zereginak, kronograma…), eta Planaren mahi estrategikoak, misioa eta ikuspegia eurenganatzea.
Nahi estrategikoa
Gure testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko helburuz.
Misioa
Kultura soziolinguistiko berria eraikitzea eta zabaltzea. Gure gizartea osatzen duten eragile publiko zein pribatu guztientzako marko eta bide orri bat eskaintzea datorren hamarkadarako, euskal hiztunak sortu eta ahalduntzeko zein euskararen komunitatea sendotzeko, eta munduko hizkuntza-aniztasunaren baitan gizarte justuago, ekitatiboago eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzeko. Aldian-aldian ebaluatua eta egokitua izanik, metodologia parte-hartzaile eta berritzailea baliatzea, gizarte eragileekin eta mugimendu sozialekin elkarlanean.
Ikuspegia
2034. urtean gaude eta…
...euskararen transmisioa ziurtatuta dago.
...euskal hiztun aktibo gehiago ditugu gizarte esparru guztietan.
...ezagutzaren unibertsalizazioan aurrerapausoak eman dira.
...euskaratik urrun zeuden herritarrak zein gurera iristen ari diren herritarrak euskarara hurbiltzen ari dira.
...gizartean behar handienak dituzten herritarrei behar bezalako babes, laguntza eta erraztasunak ematen zaizkie, eta euskara haiena ere badela sentitzen dute.
...euskaraz bizitzeko aukera zabalagoak daude; babesgune gehiago ditugu.
...arnasguneen beheranzko joera eten egin da.
...euskarak eta euskal kulturak prestigio handiagoa dute.
...ingurune digitalean euskarazko edukien eskaintza eta kontsumoa hazi egin da.
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Iruzkinak kargatzen...
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...