Orotariko laguntza
Hemen plataforma erabiltzeko orotariko laguntza aurkituko duzu
Erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak
Galdakaoko Udalaren erabaki.galdakao partaidetza-plataformari buruzko legezko alderdiak eta erabilera-baldintzak
Lege-ohar honek labur azaltzen ditu Galdakaoko Udalaren ekimenez abiatutako Erabaki Galdakao (erabaki.galdakao) partaidetza-plataformaren alderdi nagusiak. Plataformak xede du hirian sustatzea herritarren parte-hartzea eta zuzeneko demokrazia deliberatibo eta partizipatiboa, horretarako partaidetzarako zenbait prozesu, gune eta organo sorturik. Hartara, Udalak, herritarrek eta hiriko eragileek zenbait bide izango dituzte elkarri zuzenean eta modu irekian eragin ahal izateko. Herritarren gogoeta eta eztabaida suspertzea, gardentasuna eta partaidetzaren trazabilitatearen berri izatea (baina inoiz ez erabiltzaileena) eta parte hartzeko aurrez-aurreko guneak eta gune digitalak sortzea; horiek dira, hain zuzen, erabaki.galdakaok bultzatu nahi dituen ildoak.
Plataforma erabiltzen duen herritar orok konpromisoa hartzen du lege-ohar honetan aurreikusitako guztia eta aplikagarri diren xedapenak onartu eta betetzeko. Halaber, konpromisoa hartzen du eduki eta zerbitzuen bidezko erabilera egokia egiteko, bai eta fede onaren kontrako edo legez kanpoko ezein portaerari uko egiteko ere.
Galdakaoko Udaleko Herritarren Partaidetza Arloak kudeatzen du erabaki.galdakao plataforma
1.Erabilera-baldintza hauen ezarpen-eremua
Erabaki.galdakao plataforman parte hartzeko erabilera-baldintzak lotesleak dira webgune honetan parte hartzen duten pertsona ororentzat. Erregistratzean baldintza hauek onartzea eskatuko da.
Galdakaoko Udalak beretzat gordetzen du plataformaren baldintza hauek aldatzeko ahalmena, betiere webgune honetan argitaratuko dituelarik baldintzen azken bertsioa. Gerta daitezkeen aldaketa horien berri izate aldera, bisitatu web-orri hau aldian behin. Aldaketak erabiltzaileei jakinaraziko zaizkie baldin eta aldaketek pribatutasunean edota segurtasunean eraginik badute.
2.Ekimenaren helburua
Erabaki.galdakao plataformaren bitartez Galdakaoko Udalak herritarren partaidetza modu ireki eta gardenean sustatu nahi du, eta herritarrak eta gizarte-eragileak engaiatu hiriaren bizitzan, oro har, kalitate demokratikoa hobetzearen alde egiteko, politika publiko eta udal-jarduketak zedarritu eta diseinatzeko, politika eta jarduketa horiek baloratzeko, zabaltzeko, eztabaidatzeko, lehenesteko eta horien inguruan erabakitzeko. Inplikatu nahi ditu, hain zuzen ere, udal-erakunde eta erakunde publikoak, bai eta helburu horien alde egin nahi duten herritar-, elkarte-, eta gizarte-ekimenak oro. Hartara, aurre egin nahi zaie hirian sortzen diren erronka eta zailtasunei, xede hartuta hiria hobetu eta herritarrei zabaltzea, zenbait prozesu, gune, organo eta bestelako partaidetza-bideen bitartez.
Zuzeneko demokrazia deliberatibo eta partizipatiboaren alde egiten du Udalak, eta horretarako ikusarazi eta sustatu nahi ditu ekimen indibidualak zein kolektiboak, halakoak ezen Udalaren eta herritarren jarduketak eztabaidatu, diseinatu eta baloratzeko lagungarri eta denontzako onuragarri izan baitaitezke. Halaber, plataformak eztabaidak bultzatu eta ikusgai jarri nahi ditu, eta mahaigaineratu plataformatik kanpo sor daitezkeen politika publikoen diseinua, balorazioa, negoziazioa, moldaketa, jarraipena eta ebaluazioa; hala, ahalik eta gardentasunik handiena eskaini ahal izanen zaie herritarrei. Zentzu horretan, erabaki.galdakao herritarren partaidetza eta zuzeneko demokrazia partizipatibo edo deliberatiboaren ondorioz jaiotako ekimenak barne hartzeko gai izan behar du, barne hartuta, baita ere, udal-gobernuaren eta Iruñeko herritarren arteko bitartekaritza nolabait hausten duten horiek, eta herritarren arteko kooperazioari, elkarkidetzari eta auto-antolamenduari bide ematen dietenak.
3.Erabaki.galdakao plataforman parte hartzeko alderdi orokorrak
Parte har dezake 16 urtetik gorako pertsona orok, betiere erabaki.galdakao plataforman aurrez erregistratu bada. Erabilera-baldintzak onartzerakoan, erregistratu den pertsonak 16 urtetik gora dituela adierazten du. Adin nagusikoak erantzule izango dira haien menpeko adingabeek erabaki.galdakao plataforman dituzten portaeren gainean. Hiriko entitate, kolektibo, herritar-talde edota -erakunde eta eragile garrantzitsuek ere erregistratu daitezke plataforman.
Hiria hobetze aldera herritarren parte-hartzea sustatu nahi duen plataforma bat den aldetik, erabaki.galdakaoko erabiltzaileak beharturik daude plataforma modu arduratsuan erabiltzera, plataformaren xedearekin bat.
Galdakaoko Udala ez da erabaki.galdakao plataformaren erabiltzaileen erabilera okerren erantzule, ez eta erabiltzaileek egiten dituzten ekarpenen edukiena ere. Norbera da plataforma zuzen erabiltzearen erantzule, eta, baita ere, edukien legezkotasunaren eta partekatutako iritzien erantzule.
Debekatuta dago legez kontrako edo baimenik gabeko ezein edukirik webgunean txertatzea, esate baterako, honako ezaugarri hauek dituen informazioa:
- Informazio faltsua edo engainagarria
- Udalaren edo hirugarren baten ezein eskubide urratzen duen informazioa (adibidez, copyrighta, marka erregistratuak, jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak edo tankera horretakoak)
- Hirugarren baten intimitatearen kontra doan informazioa, esate baterako, parte-hartzaileen datu pertsonalen bat ematen duena (izena, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, argazkiak edo izaera pertsonaleko beste ezein datu)
- Birusak, troiarrak, robotak edo bestelako programak direla eta Udalaren edo hirugarren baten sistemak eta webguneak kaltetu ditzakeen informazioa; eta, baita ere, plataforma modu egokian funtzionatzeko diseinatutako neurri teknikoak saihesteko bideak dituen informazioa
- Erabiltzaileei spam-a bidali edo sistema gainkargatzeko asmoa duen informazioa
- Mezu-kate, piramide-joko edo ausazko jokoen tankerako informazioa
- Merkataritza-xedea duen informazioa (lan-eskaintzak edo iragarkiak)
- Zintzotasun publikoarekin bat ez datorren informazioa. Hortaz, informazioen edukiek ez dute gorrotoa bultzatuko, inor diskriminatuko, mehatxatuko edo probokatuko, ez dute sexu- eta indarkeria-kutsurik izango, eta ez dira oiesak eta iraingarriak izango.
- Lege edo arau aplikagarriak urratzen dituen informazioa
- Prozesuarekin inolako loturarik ez eta eztabaida-eremutik at dauden proposamenen aldeko boto masiboa sustatzeko kanpainen informazioa
- Debeku da pertsona bakar batek hainbat erabiltzaile sortzea, hainbat pertsona simulatuta (astroturfing)
Galdakoko Udalak ez du bere gain hartuko erabiltzaileek plataforman egiten dituzten ekarpenen kalitate, originaltasun, benekotasun, legezkotasun edo segurtasunari buruzko erantzukizunik. Aitzitik, Galdakaoko Udalak beretzat gordetzen du erabilera-baldintza hauekin kontraesanean dauden iritzi, argibide, iruzkin, proposamen edo fitxategiak erabaki.galdakao plataformatik ezabatzeko eskubidea, eta iragazkiak baliatzen ahal ditu horretarako. Hori guztia eginen da soil-soilik erabaki.galdakao plataformaren funtsezko helburua babesteko xedez. Halaber, Galdakoko Udalak ahalmena izango du honako hauek egiteko, aurretiko abisurik gabe: erabiltzailearen jarduna plataforman aldi baterako eten, kontua eten, edukiak ezabatu, kontua kendu edo jakinarazpen bat bidaltzekoa. Hori egin ahalko du, hain zuzen, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada, bai eta hemen aurreikusi gabeko beste kasu batzuetan ere:
- Ez badira betetzen partaidetza-plataformaren erabilera-baldintza hauek
- Udalak irizten badio parte-hartzailearen jarduna kaltegarria dela gainerako erabiltzaileentzat, webgunearentzat edo Udalarentzat.
- Parte-hartzailea egindako ekarpenen edukien erantzule da, bai eta horiek hirugarrenei eragin diezazkieketen kalte eta erreklamazioena ere. Inolaz ere Galdakaoko Udalak ez du erantzukizunik izango gaizki erabiltzeagatik webgunea, plataforma edo bertan partekatzen diren edukiak; eta ez du erantzungo, ezta ere, pertsona fisiko batek adierazitako ideien erabileraren gainean, ideien egokitasunaren eta horien ondoriozko emaitzen gainean. Edukiek beste webguneko estekaren bat jasotzen badute, Galdakaoko Udalak ez du inolako erantzukizunik izango esteka horien edukietan sartzeak eragiten dituen kalte-galerez bezainbatean, eta ezta ere, esteka horren edukiez bezainbatean. Webgune honetan edo hirugarren batean parte-hartzaileen arteko edozein liskar mota gertatzen bada, arrazoia edozein delarik ere, Galdakoko Udala salbuetsita dago liskarrarekin hala moduz loturik dagoen erreklamazio, demanda edo edozein kalte motaren gaineko erantzukizunetik.
4.Plataformaren funtzionamendua
Parte-hartzaileak modu librean eta anonimoan sar daitezke plataformara, eta bertan nabigatu. Aurrez erregistratu beharko dira soil-soilik proposamen bat sortu edo babestu, proposamenen gaineko iruzkin bat egin eta eztabaida batean parte hartu nahi badute. Erregistratzeak baimena emango du plataforman parte hartzeko iruzkinen eta proposamenen bitartez. Erregistratzeko erabiltzaile-izena, helbide elektronikoa eta pasahitza idatzi behar dira, eta erabilera-baldintzak onartu. Proposamenei babesa adierazteko edo prozesuetan botoa emateko, errolda egiaztatzeko eskatuko zaio erabiltzaileari: 16 urte edo gehiago dituela konfirmatu beharko du, eta Galdakaon erroldaturik dagoela. Hartara, erroldari buruzko bi datu eskatu zaizkio (NANa eta jaioteguna). Kontua egiaztatzeko baino ez dira erabiliko datuok, eta ez dira gerora baliatuko.
Hiriko entitate, kolektibo, edota -erakundeek ere har dezakete alta plataforman, eta honako hauek eskatuko zaizkie: erakundearen izena, arduradunaren izena, helbide elektronikoa, telefonoa, pasahitza eta erabilera-baldintzak onartzea.
Erregistratutako erabiltzaileek plataformaren bitartez elkarreragin ahalko dute, parte hartzeko prozesu bakoitzarendako (eztabaidak, proposamenak, topaketak, etab.) gaitutako funtzioak baliatuta. Kontua egiaztatu dutenek proposamenen alde egin ahalko dute eta proposamen horiek lehenesteko prozesuetan parte hartu.
5.Datu pertsonalen babesa
Pribatutasuna errespetatze aldera, eta Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat, jakitera ematen dizugu zure datuak “PARTE-HARTZEA ETA GARDENTASUNA” tratamenduan sartzen dira; horren arduraduna Galdakaoko Udala da (Kurtzeko Plaza 1, 48960 Galdakao) eta helburua du Tokiko Administrazioan herritarren parte-hartzea kudeatzea. Zure datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei lagako, salbu erabiltzaile-izena, zeina publikoa baita. Gogoan izan plataformako irudiak eta komunikazioak (iruzkinak, proposamentak) publikoak direla. Ez dira inoiz ere jendaurrean paratuko erabakien inguruko datuak (esaterako, proposamenen alde egitea edo aurrekontu bati oniritzia ematea) eta helbide elektronikoa. Tratamenduaren oinarri juridikoa lege-eginbeharra betetzea da eta beste herri- administrazio batzuei eman ahal izango zaizkie lege-eginbehar bati erantzuteko. Interesdunak eskubidea du datuak eskuratzeko eta zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko, baita bere datuen trataera mugatzeko edo ukatzeko ere. Hau idaztziz egin beharko du dpd@galdakao.eus helbidera idatzizko jakinarazpen bat bidaliz, bere NANren kopia edo nortasuna egiaztatzen duen beste agiri bat sartuta. Era berean, interesdunak Datuak babesteko Euskal Bulegoaren aurrean erreklamatzeko eskubidea ere badu.
6.Erabiltzaileek emandako edukiak lantzeko baldintzak
Baldintza hauek erregulatzen dituzte plataformaren erabiltzaileek dagokion formularioaren bidez bidaltzen dituzten edukiei (aurrerantzean “edukia”) aplikatzekoak diren arauak. Ez dira edukitzat hartzen izaera pertsonaleko datuak (erabiltzaile-izena salbu), zeinak erregistratzean eta egiaztapena egitean eman behar baitira; edukitzat jotzen da erabiltzaileek ematen duten eduki publikoa soilik (iruzkinak, proposamenak...). Baldintzak aplikagarri dira hala hasiera batean erabaki.galdakao plataformaren bitartez igorritako edukiari nola gerora Galdakaoko Udalari bidali edo jakinarazitakoari.
- Konfidentzialtasunik eza: Galdakaoko Udalak eskubidea izan behar du nahi izanez gero erabiltzaileek bidalitako edukiak jendeari oro har ezagutarazteko. Beraz, Galdakaoko Udalak informazio ez konfidentzialaren tratamendua emango dio eduki horri.
- Prozedura: Galdakaoko Udalak interesa badu erabiltzaileak bidalitako edukian, harekin harremanetan jartzen ahalko da informazio osagarria eskuratze aldera, baina jarduketa horrek ez du ekarriko erabiltzaile horrekiko inolako konpromisorik Udalaren partetik. Informazio horrek izaera ez konfidentziala izango du, ezertan galarazi gabe konfidentzialtasun-akordio bat sinatzeko aukera, betiere bi parteek izaera konfidentziala trukatzea beharrezkotzat jotzen badute. Horrek guztiak ez du ezertan eragozten “Jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak” atalean ezarritakoa.
- Aurkeztutako edukien publizitatea edo hedapena: Galdakoko Udalaren erabaki.galdakao plataforman parte hartzen dutenek adierazten dute badakitela eta onartzen dutela emandako informazioa Galdakaoko Udalaren webguneetan argitaratua izan daitekeela, bai eta ekimen hori ezagutzera emateko egoki jotzen diren beste bitarteko batzuetan.
- Jabetza intelektuala: Ez bada kontrakoa adierazten, erabiltzaileak webguneari ematen dizkion jabetza intelektualeko edukiak Creative Commons – Aitortu– Partekatu Berdin (CC-BY-SA) lizentzia motari lotuko zaizkio.
- Prozedura, oharretarako eta edukiak ezabatzeko: Edozeinek eska dezake edukiak ezabatzea, eduki horiek ez badituzte legezko oharra eta erabilera baldintza hauek betetzen, eta betiere eskaera hori behar bezala arrazoiturik. Galdakaoko Udalari zuzenduko zaio eskaera, mezu elektroniko bat idatzita partaidetza@galdako.net helbidera
- Galdakoko Udalak eskaerak kudeatuko ditu, eta beretzat gordeko du egoki jotzen dituen frogabideak eta egiaztapenak egiteko eskubidea, edozein eduki ezabatu aurretik.
7.Egile-eskubideak, informazioa berrerabiltzeko eskubidea eta webgunearen eta edukien gaineko bestelako eskubideak
Galdakaoko Udalak lizentzia irekiak erabiltzea sustatzen du, lan eratorriak sortzea eta webgune honetan dauden lanak berrerabiltzea eta moldatzea, baldin eta jatorrizko egiletza aitortzen bada, eta betiere eratorritako lanak lizentzia mota berari eusten badio. Ez bada kontrakoa adierazten, webgune honetan hedatutako edukiak, jabetza intelektualak babestutakoak, Creative Commons – Aitortu– Partekatu Berdin (CC-BY-SA) lizentzia motari lotuko zaizkio. Lizentzia mota horren arabera, edozeinek (Udalak barne) erabiltzen ahal ditu eduki babestuak, helburu komertzialetarako zein ez komertzialetarako, betiere egiletza aitortzen bada eta eratorritako lana lizentzia berarekin (CC-BY-SA) hedatzen bada. Lizentzia mota hori lotuko zaie bai Udalak bai webguneko erabiltzaileek emandako edukiei.
- Galdakaoko Udalak webgune honen bitartez hedatutako informazio eta datu guztiak berrerabiltzeko baimena ematen du, betiere baldintza hauek betetzen badira:
- Behar bezala aitortu beharko da egiletza, lizentziaren esteka bat eman, eta aldaketak egin direla adierazi.
- Ezin da aditzera eman Udalak lagundu edo babesten duela informazioa zein jardueratarako berrerabiltzen den eta jarduera hori.
- Erabiltzaileek bidalitako edukien gaineko jabetza intelektual eta industrialeko eskubide guztiei men eginen die Galdakaoko Udalak. Halaber, Udala ez da inolaz ere erantzule izango –modu zuzenean edo zeharkakoan– legezko egileen halabeharrezko baimenik gabe edo legeak baimendutako inolako erabileraren babesik gabe edukiak argitaratu, zabaldu eta hedatzearen ondorioz sortutako ezein tirabira, liskar edo auziren gainean.